EHU eta BFA oinarri teknologikoko enpresen sorkuntza sustatu dute
Bi erakundeek, BEAZ S.A.rekin batera, Leioako Campuseko mintegi berria bultzatuko duen hitzarmena sinatu dute.
LEuskal Herriko Unibertsitateak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Sailak eta BEAZ, S.A.k, (Bizkaiko Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentoa) lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur. Hitzarmen horren xede nagusia Unibertsitateko saila guztietan eragiten den ezagutzatik abiatuta oinarri teknologikoko enpresen sorkuntza bultzatzea da.
Hitzarmena sinatu duten kideek, hau da, EHU/UPVko Bizkaiko Campuseko errektoreordea den Iñaki Goirizelaiak, Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Saileko foru diputatua den Ricardo Barainkak eta BEAZ, S.A. sozietatearen gerentea den Eukene Bengoak, oinarri teknologikoko mota honetako enpresen sorkuntzaren prozesu konplexuan sistemako eragile guztien elkar eragiketak duen garrantzia azpimarratu zuten, kontuan hartuta, halaber, prozesu hori lehentasunezkoa bihurtu dela gizarte aurreratuenentzat, merkatuak gero eta lehiakorragoak direlako.
Hitzarmen honen bidez abian jarriko diren neurriek Bizkaian enpresen jarduera eta enplegua nabarmen dinamizatzea eragingo dute. Zehatzago esateko akordio honetan planteatu diren helburu nagusiak hiru dira:
- Enpresa berritzaileak sortzeko behar den garapen teknologikoa bideratzea. Lehen helburu hau enpresa berrien sorkuntzarako balioko duen ezagutza zientifiko-teknikoa garatzen duten EHU/UPVko sailei eta ikerketa taldeei laguntzak emanda burutuko da. Laguntza horiek gauzatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak 700.000 euroko ekarpena egiteko konpromisoa hartu du. Beste alde batetik EHU/UPVk 50.000 euroko ekarpena egingo du.
- Bizkaia Xede eta EHU/UPVren lankidetzari esker Leioako Campusean eraikitzen ari den oinarri teknologikoko enpresa berri horien mintegiaren jarduerak mantentzea. Mintegi honen helburua adimena erakartzea eta hori berton mantentzeko beharrezko baldintzak sortzea da eta, horrela, oinarri teknologikoko enpresen sorkuntza sustatzea. Mintegi horren ustiapen planak ezarri du finantzaketaren arloko beharrizanak 214.127 eurokoak izango direla 2006an; 204.131 euro 2007an; eta 200.203 euro 2008an. Ekarpenak, berdinak eta adierazi diren ekitaldi horietan guztietan egin beharrekoak izango direnak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta EHU/UPVk egingo dituzte.
- Bizkaiko Campusean Ikerketaren Emaitzen Transferentziarako Bulegoaren (IETB) jarduera sustatzea, IETB hori funtsezkoa delako Bizkaiko enpresa bilba berritzeko eta enpresei EHU/UPVn sortzen den ezagutza transferitzeko beharrezko lotunea delako. Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromisoa da, hitzarmen hau sinatuko denetik hasita, ondoko ekarpenak egitea: 45.000 euro 2006 urtean, 95.000 euro 2007an eta 100.000 euro 2008an.
Beraz, azken finean, oso ausarta den ekintza erkidea da, Bizkaiko Foru Aldundiari esker EHU/UPVk Bizkaian oinarri teknologikoko enpresa berrien sorkuntzan egiten duen lana sustatuko duena. Hitzarmena indarrean egongo da 2008ra arte, nahiz eta beste lau urtez luzatzeko aukera egon.

